Aurtengo Buruz Buruko Pilota Txapelketa irabazi ondoren, Amezketako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitortza jaso zuen atzo Jokin Altunak.  Momentu benetan goxoa bizi izan zuten bertaratutakoek, goxoa bezain xumea.

Ekitaldia plazan hasi zen, aurreskua dantzatuz bertan. Herritar ugari ere elkartu ziren bertan. Ondoren, omenaldiak kultur etxeko areto nagusian jarraitu zuen. Jendez bete zen aretoa, eta ekitaldia zutik jarraitu behar izan zuenik ere izan zen. Mikel Arteaga alkatea izan zen lehenengoa hitz egiten: «Azkenaldian amezketarrok ohituta gaude Amezketaren izena lau haizetara dabilela ikusteaz, eta azken urteetan Jokinek betetzen du funtzio hori. Galdetzen digutenean nongoa garen, eta Amezketakoa garela esatean, ‘Altunaren herrikoa’ esan izan digute. Eta ohore bat da!».

Goizane Alvarez Kultura eta Kiroletako diputatua izan zen hitz hartzen hurrengoa eta jarraian sariak emateko unea iritsi zen. Txapela eman zien Eider Mendoza Ahaldun Nagusiak Altunari. Nestor Basterretxearen eskultura baten erreplika bat ere eman zioten, eta Mikel Arteaga Alkateak landare bat, udalaren eta herriaren partetik.

Altunak berak hartu zuen hitza ondoren eta hauexek izan ziren bere esker hitzak: «Lorpen handiak egin ditut, baina beti esaten dut hainbeste jenderen eta herrian sentitzen dudan maitasuna bezalako txapelik ez dago. Sentitzen dut zerbait handia egiten ari naizela, hainbeste jende etorri dela ikusita. Berezia da Mikel alkatea izatea niretzako, txikitatik auzo berean hazi baikinen».

Ekitaldiari amaiera emateko, Eider Mendoza ahaldun nagusiak hitz egin zuen. Altuna zoriondu eta herrian «horrelako aitortza» jasotzea ez dela erraza esan du: «Zorionak ez dira bakarrik egindako lorpenengatik, aldi berean ikusi daitekeelako zenbat jende duzun inguruan benetan maite zaituena».

Mokadutxo baten bueltan jarraitu zuten bertaratutakoek Jokin Altuna zoriontzen, eta lerro hauek baliatuz, berriro ere, ZORIONAK JOKIN herri guztiaren izenean.