2020 urtean aurkeztu zion sustatzaile batek “Estanko” izenez ezaguna zen etxea bota eta bertan etxebizitza berriak egiteko proiektua Udalari. Proiektu honek 9 etxebizitza berri jasotzen zituen eta etxebizitza hauek osatzen dituen beheko solairuko lokalean kafetegi bat egitea aurreikusten zen. Honez gain, soto bat ere jasotzen zuen proiektuak, etorkizunean kultur etxe aurrealdeko aparkalekuaren azpian egingo zen lur azpiko aparkaleku bati lotzeko helburuarekin.

2022. urtean amaitu ziren obra hauek, eta geroztik bere ibilbidea egin du promozio honen salmentak. Duela aste batzuk ordea, sustatzaileak udalari jakinarazi zion behe solairuko eta sotorako proiektuak bertan behera gelditu direla.

Hau horrela, bi lokalak udalak erostea proposatu zion sustatzaileak Udalari. Oin plantako lokalak 165 m2 ditu eta tasazioak 200.000 euroko prezioa ezartzen zion lokal honi. Sotoaren kasuan berriz, 225 m2 ditu eta tasazioak 111.000 euroko prezioa ezartzen zion.

Aukera honen aurrean, Udalak hausnarketa egin du eta gutxitan sortzen diren aukera horietako baten aurrean gaudela ondorioztatu du. Izan ere, herriko plazan ia 400 m2-ko espazio bat herriarentzat gelditzeko aukera, inoiz gutxitan errepikatuko dela uste da.

Guzti honegatik, sustatzailearekin hainbat elkarrizketa izan eta salerosketarako prezio hauek adostu ditu Udalak. Oin plantako lokala 160.000 eurotan eta sotoa 60.000 eurotan erosteko akordioa itxi dugu sustatzailearekin.

Udalarentzat esfortzu ekonomiko handia suposatzen badu ere, etorkizuneko Amezketa eta amezketarrentzat ekarpen handia egingo duen erosketa izango denaren konbentzimenduz, pozik gelditu gara egindako operazioarekin. Aurrerantzean herrian sortzen diren beharrak asetzeko 400 metro karratuko espazio berria izango du herriak.