Datorren ostiralean, ekainak 21, AMILLUBIko kideak izango ditugu beraien proiektua aurkezten. Amillubi proiektua Biolur elkarteak sustatzen du. Biolur Gipuzkoako elkartea da, 1993an sortu zen, nekazaritza eta abeltzantza ekologikoa sustatu eta bultzatzeko. 

Herritar eta ekoizleek osatutako irabazi asmorik gabeko elkartea da. Biolurren xede nagusia, elkarlanean eta lankidetza ezberdinak eraikiz,  nekazaritza eta abeltzaintza agroekologikoa eta iraunkorraren bidez gure lurraren epe luzeko emankortasuna bermatzea, jendartearentzako elikagai osasuntsuak  sortzea eta landa inguru eta herri biziak eta duinak sustatzea da.

Urte hauetan landutako lankidetza bideari esker Amillubiko Talde Eragilea sortu dute. Bertan parte hartzen dute Biolurreko hainbat kide baserritar eta ekoizlek, herritarrek eta eragileek. Talde eragile honek Amillubin garatuko diren proiektu agroekologikoak zehaztu, ibilbide sozioekonomikoa jorratu eta arlo komunikatiboa lantzen ditu.

Proiektua gehiago ezagutzeko aukera paregabea izango dugu Amezketan!