Aurreko astean Zumadi Eskolako ikasleen 2 bisita jaso genituen udalean. Astelehenean LH 5 eta 6ko ikasleek Balio Sozial eta Etikoak ikasgaiaren baitan abian jarri duten proiektua azaldu ziguten. Herriko haur eta adinekoen arteko harremanak indartzeko asmoz, elkarrekin denbora pasa eta esperientzia ezberdinak bizitzeko hainbat jarduera burutu dituzte. Eskolan mahi jolasetan aritu dira, kanta ezberdinak abestu dituzte edota Jauregin gaztain jatea ere egin dute.

Hemendik aurrera ere belaunaldi ezberdinen arteko amezketarren harreman hauek sustatzeko asmoarekin jarraitzen dutela esan ziguten, eta horretarako eskolan jarduera ezberdinak burutzeaz gain, Amezketako auzo ezberdinetara gerturatzeko borondatea ere agertu zuten. Beraz, Amezketako herritarrok animatzen zaituztegu proiektu polit honetan parte hartzera. Horretarako, eskolako arduradunei edo udal arduradunei zuek ere parte hartu nahi duzuela esan besterik ez daukazue egin beharrik.

Bestalde, ostiralean LH 4, 5 eta 6ko ikasleak etorri ziren azken asteetan lantzen aritu diren proiektu bat aurkeztera. Herrian eskaintzen diren baina egunerokotasunean askotan ohartzen ez garen zerbitzu ezberdinak aztertu eta balioan jarri dituzte: Zabor bilketa, bankuak, parkeak, kirol-guneak… eta hauek nola hobetu daitezkeen hausnartu ondoren hainbat proposamen ekarri zituzten: San Martingo mahaiak argiztatzea, Motan iturria jartzea eta bizikletarekin ibiltzeko egokitzea, eskolara bizikletaz joan ahal izateko bidea egokitzea… Proposamen hauek maketa batzuen bidez aurkeztu zizkiguten eta ideia interesgarri asko eman zizkiguten.

Ikus dezakezuen bezala herri hobe bat egiteko lan ugari ari dira egiten Zumadi eskolan, eskerrik asko eta jarraitu horrela neska mutilak!