Ez dakigu seguru esan izan diguten bezala aranekin betekada egin, ura edan eta haren ondorioz, edo bestelako gaitzen batek erasanda hil zen Fernando. Baina gauza jakina da 1823ko uztailaren 9an itzali zela Amezketako bertsolari handia.

Fernandoren garaian ez bezala, orain, udaldian erdi-opor, erdi-lozorroan ibiltzen gara. Amezketar askok ere kanpora jotzen du egun hauetan. Hori dela eta, urteurrena udazkenean ospatuko dugu, Udazken Kulturalaren barruan.

Urteurren berezi hau ospatzeko, Amezketako Udala, Zumadi Eskola, Akelok Guraso Elkartea, Amezketako Antzerki Taldea eta Bertsozale Elkartea batu dira bi helburu nagusirekin.

Alde batetik, hemendik udazkenera bitartean, Amezketako artista handiaren inguruko ospakizun egitaraua prestatzeko lan taldea osatu da. Eragile bakoitzetik ordezkari bana izendatu da eta talde honen helburua izango da eragile hauek ospakizuna elkarlanean prestatzea.

Bestalde, Amezketako gainontzeko eragileei ere gonbidapena luzatzen zaie ospakizunean parte hartu nahi duen edozein talde edo elkartek ere bat egiteko. Eragile bakoitzak egin ditzakeen ekarpenei tokia egitea ere izango da talde honen helburua.

Lan taldea martxan ariko da hurrengo hilabeteetan, bitartean saiatu Fernandoren pasadizo eta bertsoak gogoratu eta haiekin gozatzen.